Internet-en erabilpena orokortu da gizartean, gure bizitzaren alderdi desberdinetan ematen dizkigun abantaila handiengatik. Berdin gertatzen da haur eta nerabeen kasuan. Hauek, gainera, modu naturalean erabiltzen dituzte teknologia berriak. Aisiarako, kulturarako, ikaskuntzarako eta, oro har, ezagutzarako aukera ugari eskaintzen dizkie Internet-ek. Halaber, gizarteratzeko era bat da haientzat eta gero eta heldu gehiagorentzat eta, hori den aldetik, haien garapen pertsonalerako lagungarri da.

Edonola ere, aldaketa handi guztiekin gertatzen den legez, ziurgabetasunak ere sortzen ditu eta, aukera handi guztien antzera, mehatxu batzuk ere baditu. Onurak handitzearen eta eragin kaltegarriak ahalik eta gehien gutxitzearen aldeko lan egitea da gure eginkizuna, saldoa, betiere, oso positiboa delako eta, ondorioz, uko ezin zaion apustua delako. Ciberbullying-a dago, besteak beste, gizarteari, oro har, eta hezkuntza-inguruneari, batez ere, eragiten dieten arazoen artean.

Garrantzi handiko gertakaria da, hartu duen nagusitasunarengatik, haren ondorioen larritasunarengatik eta prebentziorako eta aurre egiteko dituen zailtasunengatik. Horregatik, arazo horri eman beharreko tratamenduak toki nabarmena betetzen du mundu osoko herrialde kopuru handi bateko lehentasun instituzionalen artean, Europan batez ere. Haur eta nerabeen artean gertatzen denean, ondorioak suntsitzaileak izan daitezke, Internet eta telefono mugikorrak bezalako eguneroko teknologia ahaltsuak behar bezala ez erabiltzetik datoz eta.

Arazoa eskola-testuinguruan agertzen den edo ez alde batera utzita, antzeman, aurre egin eta desagerrarazteko erarik onena zein den jakin behar du hezkuntza-erkidegoak, horrela Internet behar bezala erabiltzen eta ikasleek ahalik eta garapen onena izan dezaten laguntzeko. Hau ez da lan erraza, teknologia berrien bidezko jazarpenaren ezaugarri bereziengatik: anonimotasuna, berehala gertatzea, ondorioak sailean etortzea, teknologia berri horiek ikasleek oso modu errazean eskuratu ahal izatea eta dauden bide eta prozedura anitzak, besteak beste.