• Zer dira berdinen arteko tratu txarrak ?

    Egoera hauek gertatzen direnean berdinen arteko tratu txarren kasu bat dugula esan dezakegu: mutil edo neska batek, edo talde batek, ikaskide bat, etengabe eta kaltea egiteko asmoz, jotzea, iraintzea, irrigarri uztea, jazartzea, sexu-jazarpena egitea, txantajea egitea… biktima gutxiagotasun-egoera nabarmenean badago erasotzaileari edo erasotzaileei begira. Ekintza oldarkor guztiak ez dira, ordea, tratu txarrak: eskola-testuinguruan unean-unean, batzuetan sarritan, gertatzen diren portaera batzuk: berdinen arteko borrokak, lagunak aldatzea, eskola-materialaren edo altzarien kontrako portaera bortitzak, diziplina eza, portaera gatazkatsuak gelan eta gelatik at…ez dira tratu txarrak.

  • Nor dago inplikatuta?
    • Tratu txarra eragiten duen/duten erasotzailea/erasotzaileak.
    • Biktima, larderia pairatzen duena eta defentsarik gabe dagoena.
    • Ikusleak, larderiako ekintzak ezagutzen dituzten arren, ezer egin gabe ikusten dituztenak eta horien aurrean isiltzen direnak.
    • Helduak (ez dute biktimaren babesik eza garaiz antzematen).
  • Zergatik gertatzen dira gertakari hauek?
  • Erasotzailearen aldetik : bestearen tokian jartzeko ezintasuna. Biktimak erasoa merezi duela pentsatzera irits daiteke erasotzailea. Hasieran tratu txarrak txikiak izango dira; geroago, biktimak babesik ez duela ikusten badu, gero eta gehiago gertatuko dira, baita gogorragoak izan ere. Beldurra sortzean indartsua dela erakutsiko du besteen aurrean erasotzaileak eta nagusitasuna agertzen du haren taldekoak ez direnekin dituen harremanetan.

    Biktimaren aldetik : perfil bakar bat zehaztea zaila den arren, oro har, babes handiegia duten haurrak dira biktimak eta, horregatik, ezin dute garapen ebolutiboaren araberako gizarte-garapenik izan. Gizartean ibiltzeko gaitasunak falta zaizkie, hots, ez dakite haien premiak argi adierazten eta ez dute gainontzeko pertsonen begirunea irabazten. Haren ikaskideen laguntzarik ez duen edozein biktima izatera irits daitekeela hartu behar da kontuan.

  • Nola jakin zuen seme/alaba biktima den?
    • Klasera ez joateko aitzakiak bilatzen ditu.
    • Ez du ikaskideekin harremanik izan nahi.
    • Arropa hondatuta duela iristen da etxera, materiala eta dirua falta zaizkio, zauriak ditu.
    • Haren gelan isolatzen da.
    • Ez du urtebetetze-jaietara, txangoetara…joan nahi.
    • Eskolara joateak beldurtzen du.
    • Erraz egiten du negar, itxuraz arrazoirik izan gabe.
    • Urduri dago
  • Zeintzuk dira gehien gertatzen diren tratu txarrak?
    • Fisikoa: bultzadak, ostikoak, ukabilkadak.
    • Ahozkoa: irainak, izengoitiak jartzea, jendaurrean mespretxuak pairatzea, akats fisiko bat etengabe nabarmentzea. Tratu txar hauek emateko oso tresna garrantzitsua da eskuko telefonoa.
    • Psikologikoa: haurren autoestimua gutxitzera bideratutako jarduerak. Jarduera horiek segurtasun falta eta beldurra sustatzen dituzte eta Interneten bidez gero eta gehiago zabaltzen ari dira.
    • Soziala: haurra taldetik isolatzen saiatzen dira.
    • Tratu txar horiek haurren etorkizunari begirako bilakaeran izango al dute eraginik?
  • Horrela sailkatu daitezke:

    Badira berdinen arteko tratu txarrak bilakaera naturalaren barruan daudela uste duten helduak, haurrak indartsuak izaten eta defenditzen ikasi behar dutela, helduak izatera iritsi behar dutela esaten dute. Baina ez dago batere ondo eta ezin da inolaz ere onartu helduak izateko bidea hori dela esatea.

    • Zer egin dezaket nire semeak/alabak tratu txarrak pairatzen baditu?
      • Egoera hori ez dela ezkutatu behar eta izan dezakeen edozein arazo, maite duten pertsonen laguntza badu, konpon daitekeela jakinaraztea.
      • Zoriontsua izateko eskubidea duela eta izaten lagunduko diozula jakinaraztea.
      • Zailena isiltasuna haustea da. Ondoren, bere buruan konfiantza izaten eta arazoa ikusten lagunduko diozu.
      • Harekin hitz egitea eta egoera horrekin bukatzeko estrategiak bien artean planifikatzea.
      • Irakasleekin, tutorearekin edo konfiantza handiena eskaintzen dion pertsonarekin hitz egitera animatzea.
      • Familiak ikastetxearekin ematen dituen urratsak ezagutu behar dituzte haurrek.
      • Haien buruan segurtasun handiagoa izaten saiatzea, baloratzea eta haien autoestimua areagotzea.
      • Erruduntasun-sentimenduak ezabatzea.
      • Ikastetxekoez gain, beste lagun batzuk izan ditzaten bultzatzea.
      • Instituzioen (Hezkuntza Ikuskaritza, Udaltzaingoa…) laguntza izatea.
    • Zein harreman izan behar dugu ikastetxearekin?

      Guraso batzuk haserretzen dira ikastetxearekin, haren semeari/alabari behar adina arreta eman ez izanagatik pairatu dituela erasoak pentsatzen dutelako. Oso inportantea da ikasleak ikastetxean antolatu eta zaintzea baina, hala ere, ikasleen arteko harreman ezkutuez irakasleak ez dira, agian, ohartuko. Horregatik, eskolan konfiantza izan eta gure aliatua dela pentsatu behar dugu.
      Batzuetan gertatu dena jakinarazten duen pertsonaren: tutorea, zuzendaria, aholkularia…aurka agertzea seme/alabak laguntzeko erarik onena dela uste dute guraso batzuek. Guraso horiek ez dute horien semea/alaba inplikatuta dagoela onartu nahi.

    • Nolakoak dira mutil eta nesken arteko harremanak?

      Batzuetan mutil eta nesken arteko harremanek gatazkak eragiten dituzte eta gatazka horiek, neurri handiagoan edo txikiagoan, haurren ongizateari eragiten diote. Gurasoek seme-alabengandik hurbil egon behar dute, tratu txarrek zein neurritan eragiten dieten eta laguntzeko zer egin dezaketen antzeman eta ezagutzeko asmoz. Tratu txarren egoera bati ez zaio inoiz ere garrantzia kendu behar baina ez da ere puztu behar, gatazka handiagoetako egoerak sor ez daitezen.
      Pertsonen arteko harremanen berezko osagaia dira gatazkak, hots, beste pertsona batzuekin bizitzen denean beti agertzen den eta aurrera jotzeko beharrezkoa den zerbait; …”gizarte orotan eta giza bizitzarako gertakari naturala, aldaketan eta harremanetan faktore positiboa edo suntsitzailea izan daitekeena, arautzeko era zein den kontuan hartuta “. (Lederach, 2000).

    • Zer ez dira tratu txarrak?

      Ez dira unean-uneko gatazka bat eta maiz gertatzen diren eraso fisikoak nahastu behar; egun batean irain edo borroka bat gertatzen bada, hau ez da tratu txarra. Haien ikaskideen aldetik arbuio txikiak edo arreta falta pairatzen dituztelako kexatzen dira zenbait haur, erasotzen dituztela sentitzen dute eta kexatzeko arrazoiak bilatzen dituzte. Gatazka-egoeretan gainontzekoen portaera gaiztoa dela salatzen dute eta gatazkaren bertsio partzial edo osatugabea ematen dute. Ez dituzte gatazka berriro gerta ez dadin inoiz konponbideak bilatzen; egiazko biktimek, ordea, betiere gatazka-egoerak konpontzea nahi dute.

    • Zein da eskolaren funtzioa?
    • Giza harremanak oinarri dituen instituzioa den aldetik, funtsezko hiru zutabek osatzen dute eskola: ikasleek, irakasleek eta familiek. Familiek eskolaren bizitzan parte hartu behar dute, botere-abusuarengatik gertatzen diren berdinen arteko tratu txarren oinarrizko ezaugarrien ezagutzan batez ere; izan ere, gizarteratzeko toki egokia den eskolan gertatzen dira tratu txar horiek.

      Planteatzen den gatazkari irtenbideak bilatzeko gurasoekin egin behar du lan, dauden arazoei erantzun egokiak ematen saiatuz, ikastetxean harreman onak  izan daitezen.

    • Zein tokitan gertatzen dira tratu txarrak ?

      Borrokak eta eraso fisiko zuzenak gertatzen diren tokia da patioa, portaera mota horiek sarritan ere gelan gertatzen diren arren. Bestalde, gauzak ezkutatzeko toki egokiena da komuna eta, halaber, ikastetxearen inguruetan gertatzen dira, normalean, mehatxuak, baita armak erabiliz egiten direnak ere. Dena den, gela da tratu txar mota desberdinak gehien gertatzen diren tokia: iraintzea, izengoitiak jartzea, ikaskideren bati sexu-jazarpena egitea, gelak hautsi edo lapurtzea…

    • Zein neurri hartzen ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak?
    • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dekretuaren bidez, geletako elkarbizitza hobetu nahi du. Geletan gertatzen diren jazarpenen, tratu txarren eta gatazka-egoeren kontra borroka egin nahi da.
      Aplikatu nahi diren neurriek prestakuntza-izaera izatea nahi da. Hezkuntzaren, eta ez zigorraren, aldeko aukera egin nahi da eta, horregatik eta elkarbizitza ikastetxeetan hobetzeko asmoz, Urteko Elkarbizitza Plana egiten ari dira hainbat ikastetxe. Plan horretan familiek, irakasleek eta ikasleek ikastetxearen errealitateaz egiten dute hausnarketa eta haren puntu indartsu eta ahulak zeintzuk diren jabetzen dira; hau da eguneroko harremanak hobetzeko lehen urratsa. Horiek horrela, ikastetxea ikasteko, demokrazia baten esparruan, toki egokia izan dadin zer egin behar den aztertuko dute guztien artean.