Ikaskideen arteko jazarpena


Bullyinga eta Ziberbullyinga

Ikastetxeetako indarkeriaren fenomenoa gizarte-arazoen dimentsioa hartzen ari da, eta horregatik irakasleak ez ezik hezkuntza-administrazioak ere kezkatzen ditu. Badirudi azken horiek esku-hartzeko neurriak hartzen hasi direla, egoera zailari aurre egiteko. Parekoen arteko indarkeriak balizko gatazken muga naturalak gainditzen ditu. Gakoa botere-abusuan eta biktimaren legezko eskubideen hausturan dago. Bi pertsonen edo taldeen interesek talka egiten dutenean sortzen da gatazka.

Arartekoak EAEko ikastetxeen egoerari buruz 2006ko urrian argitaratu zuen azterlanean honako hau nabarmendu zuen: «...gure hezkuntza komunitatekoosagarri guztiak (ikasleak, irakasleak eta familiak...) nahiko pozik daude beren ikastetxeetan sumatzen duten giroarekin.» Hala ere, hedabideetan maiz jorratzen dute «ikaskideen arteko tratu txarren» gaia (bullyinga). Kezka horrek zenbait kasutan gizarte-alarma eragiten du.

Ildo horretatik, Herriaren defendatzaileak ikastetxe-indarkeriari buruz argitaratutako txostenean honakoa esan zuen: «...ikastetxeetan ematen den parekoen arteko indarkeria ere ezin da azaldu ikastetxeari dagozkion aldagaien bitartez. Eskola-inguruarekin eta lagun-taldearekin lotutako faktoreez gain, fenomenoari eragiten dioten bestelako faktore sozialak eta kulturalak daude, eta horren konplexutasun osoa ulertzen laguntzen dute» (Herriaren defendatzailea, 1999).

Arazoari buruzko askotariko ikerketak egin diren arren, oraindik ez da ikastetxeetan parekoen arteko tratu txarak definitzeko terminoari buruzko adostasun argirik lortu. Hala, Parekoen arteko tratu txarrak terminoan hurrengo egoera hauek izendatzeko erabiltzen diren ohiko adieretako batzuk sartu ditugu: parekoen arteko tratu txarrak, abusua edota jazarpena, bullyinga, eskolako indarkeria, etab.

Oro har, jokabide negatibo (kaltegarria), nahitakoa eta errepikakorra da, eta pertsona batek edo gehiagok erabiltzen dute defendatzeko zailtasunak dituen beste baten aurka (Olweus, 2005).