Ziberbullyinga

Interneten erabilera hedatu egin da gizartean, bizitzako hainbat alderditara askotariko abantailak dakartzalako. Hala gertatu da haur eta nerabeen artean ere; haiek, gainera, teknologia berriak modu naturalean erabiltzen dituzte. Internetek hainbat eta hainbat aukera eskaintzen dizkie aisialdirako, kulturarako, ikaskuntzarako... ezagutzarako, oro har. Haur eta nerabeentzat, bai eta gero eta heldu gehiagorentzat ere, sozializaziorako ingurunea da eta, hortaz, garapen pertsonalerako lagungarri zaie.

Hala ere, aldaketa handi orok bezala, Internetek ere zalantzak sorrarazten ditu eta, aukera handi guztiek bezala, berekin dakartza zenbait mehatxu ere. Gure zeregina da lan egitea onurak maximizatzeko eta sor daitezkeen eragin negatiboak ahalik eta gehien murrizteko; izan ere, Internetek oso emaitza positiboak ekarri ditu eta, beraz, ukaezina da horren alde egitea. Hainbat dira gizartean, oro har, eta hezkuntzan, zehazki, eragiten duten arazoak; horietako bat da ziberbullyinga.

Garrantzi handiko fenomenoa da, iraupen luzekoa izaten delako, ondorio larriak dituelako eta zaila delako prebenitzea eta arazoari heltzea. Horregatik, leku nabarmena hartzen du arazo horren tratamenduak mundu osoko herrialde askotako erakundeen lehentasunen artean eta, bereziki, Europako erakundeenetan. Ziberbullyinga haur eta nerabeen artean gertatzen denean, horren ondorioak suntsitzaileak izan daitezke; izan ere, ondorioak eratortzen dira teknologia boteretsu eta egunerokoak —besteak beste, Internet eta telefono mugikorrak— behar ez bezala erabiltzetik.

Eskolan jazotzen den ala ez gorabehera, hezkuntza-erkidegoak jakin behar du zein den modurik onena ziberbullyinga antzemateko, hari aurre egiteko eta hura errotik desagerrarazteko. Hartara, Internet egokiro erabiltzen lagunduko du, eta ikasleen ahalik eta garapen onenari bide emango dio. Hala ere, hori ez da erraza, teknologia berrien bidezko jazarpenak oso ezaugarri bereziak baititu, hala nola anonimotasuna, berehalakotasuna, kate-efektua eta bitartekoen eta prozeduren eskuragarritasun eta aniztasun handia.

Halako egoera bat identifikatzen denean, hezkuntza-erkidegoa ohiko bullyingari buruzko jakintzan eta diseinatutako bizikidetza-planetan oinarritutako erantzuna ematen saiatzen da. Baina ziberbullyingaren eta ohiko eskola-jazarpenaren arteko aldeak handiegiak dira, eta ezin dugu huts egin.


Ziberbullying-ari aurre egiteko jarduera-protokoloa.