Bizikidetza positiboa

Gizartean gertatzen diren aldaketak direla-eta, hezkuntza-sistema etengabe egokitu behar da. Ezagutzak helarazi baino askoz ere gehiago egin behar du XXI. mendeko hezkuntzak. Hain zuzen ere, belaunaldi berrien integrazio pertsonala, gizarteratzea eta laneratzea errazteko gaitasunak garatu behar ditu etengabe aldatzen den gizarte-testuinguru batean. Guri dagokigunez, "elkarrekin bizitzen ikastea" da hezkuntza-sistemaren oinarrizko helburuetako bat. Ikastetxeen erronka da hezkuntza-komunitateak bere egingo duen bizikidetza-eredu bat lantzea, balio demokratikoetan oinarritutakoa. Hezkuntza-komunitateak bizikidetza-eredu hori bere egingo badu, familiek, irakasleek eta ikasleek guztiek batera egin eta landu behar dute. Oinarrizko gaitasun guztiekin lotuta dago "elkarrekin bizitzen ikastea" (beraz, ikastetxe osoak saiatu behar du lan horretan), baina bereziki "Gizarterako eta Hiritartasunerako gaitasunarekin" eta "Norberaren ekimenerako eta autonomiarako gaitasunarekin". Gaitasun horiek erreferentziazko eremurik ez dutenez, lausotzeko arriskua dute. Gaitasun horien mami eta "elkarrekin bizitzen ikasteko" ezinbesteko ikaskuntza dira honako hauek: norberaren herritartasuna arduraz erabiltzea, ikastetxean eta gizarte-bizitzan inplikatzen ikastea, elkarrizketaren bidea ikastea, giza eskubideak errespetatzea, biktimekiko enpatia izatea, gatazkekiko jarrera positiboa izatea, gizarte-trebetasunak eta emozioen kontrola lantzea, ideiak proiektu bihurtu eta horiek burutzeko gai izatea, nork bere burua ezagutzea eta autoestimua lantzea, eta abar. Ikuspuntu horretatik begiratuta, bizikidetza-planak oso tresna baliagarriak dira ikastetxeek gaitasun horiekiko dituzten hezkuntza-helburuak berriz pentsatzeko, diseinatzeko eta bistaratzeko. Hori horrela, uste dugu guztiz beharrezkoa dela ikastetxe guztiek urteko bizikidetza-plan bat izatea eta bizikidetzaren behatoki bat osatuta edukitzea.