Elkarrekin Programa
Giza eskubideetan eta bakean, biktimekiko elkartasunean, bizikidetzan eta gatazken konponbide baketsuan hezteko proiektuetan prestakuntza-, dinamizazio- eta aholkularitza-ekimenak sustatzeko lankidetza publiko-sozialeko esperientzia izateko sortu da Bonoak Elkarrekin programa.
|
1. Elkarrekin Programa
Hezkuntza-arloan Bake eta Bizikidetza Plana baliabidez hornitzeko tresna Elkarrekin Bonu Programa da. Programa horren bidez funts bat sortu da, eta haren bitartez gizarte-erakundeei ekarpen jakin bat egingo zaie ikastetxeei eta haietako eragileei eskainitako prestakuntza-, dinamizazio- edo aholkularitza-zerbitzuetan emandako ordu justifikatu bakoitzeko. Programa antzera aplikatu da tokiko bizikidetzaren esparruan, Foru Aldundiekin eta Udalekin lankidetzan, eta baita herritarren partaidetzaren esparruan ere.
Funts honek babestuko dituen prestakuntza-, dinamizazio- edo aholkularitza-ekimen guztiak gai zehatzen ingurukoak izango dira, hala nola bake-kultura, giza eskubideak, elkartasuna biktimekin, adiskidetzea eta gatazken konponbidea; horien arteko lotura da denak ere Gizalegez Akordioak sustatzen dituela. Gogoratu eta nabarmendu behar da programa hau jada egiten ari denaren errefortzu osagarri bat dela. Programak ez du aurreko lana ordezkatzen; ikastetxe bakoitzaren errealitatera egokitzen da berme gehigarri gisa.
Hezkuntza formalaren esparruan, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren arteko lankidetzaren bidez ezarriko da Elkarrekin Programa. 2014rako, 250.000 euroko funtsa izango du
2. Lankidetzaren helburuak
- Gure ikastetxeetan indarkeriaren kultura prebenitzeko eta bakearen eta giza eskubideen aldeko kultura sustatzeko hezkuntza-ekimenak ugaritzea.
- Irakasleek bakearen, giza eskubideen, bizikidetzaren, biktimekiko elkartasunaren eta gatazkak kudeatzearen aldeko hezkuntzan duten prestakuntza indartzea.
- Ikasleen artean bizikidetzarako hezkuntza-arloko ekimenak sendotzeko eta familiek zein guraso-elkarteek prestakuntzan eta heziketan parte hartzeko ekimenak sustatzea.
- Hezkuntza-komunitateko eragileei aholkularitza eskaintzea bizikidetzarako hezkuntza-jarduerak eta -planak diseinatzeko.
3. Programaren gaiak, esparruak eta ekimenak
Jada aipatu denez, Elkarrekin Programa ez da hezkuntza-arlora soilik mugatzen. Atal honetan, programak hura diseinatu den hiru esku-hartze esparruetan duen hedadura azaltzen da. Hala, programa honen bidez euskal elkarteen sareko eragileei (bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntza-arloko elkarte eta fundazioei) proposatzen zaie zehaztu dezatela beren ekarpena, hiru gai, hiru esparru eta hiru ekintza motaren inguruan egituratzen den esparru baten baitan beren jarduera-eremua definituz.
3.1. Gaiak
Gaiak hiru alorretan sailkatzen dira: oinarriak, tresnak eta konpromisoak (gizartea elkartzeko proiektu batean).
- Oinarriak: bakearen, giza eskubideen, indarkeria ezaren eta printzipio demokratikoen kultura.
- Tresnak: gatazken konponbidea, elkarrizketa, bizikidetza eta adiskidetzea.
- Konpromisoak: sentsibilitatea bidegabekerien aurrean, enpatia eta biktimekiko elkartasuna.
Euskal elkarteen sareko eragileek aurreko hiru gaietako edozein garatu ahal izango dute, bai bereizita bai batera, hiru esparru hauetako batean:
- Hezkuntza formala edo informala.
- Tokiko bizikidetza.
- Herritarren partaidetza.
Gaiak eta esparruak mugatu ondoren, Elkarrekin Bonu Programaren barruan garatu ahal izango diren ekintza zehatzen hiru motak zehazten dira jarraian:
- Prestakuntza eremu horietako edozeinetan.
- Jardueren zuzeneko dinamizazioa.
- Aholkularitza erakundeei jarduera-eremu zehatzetan.
Gaiak | Esparruak | Ekintzak |
·Bakearen, giza eskubideen, errespetuaren eta indarkeria-ezaren kultura. | Hezkuntza formala eta ez-formala | Prestakuntza |
·Gatazken konponbidea, elkarrizketa, bizikidetza eta adiskidetzea. | Tokiko bizikidetza | Dinamizazioa |
·Sentsibilitatea bidegabekerien aurrean, enpatia eta biktimekiko elkartasuna. | Herritarren partaidetza | Aholkularitza |
4. Hezkuntza-curriculuma
Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzeko urriaren 16ko 175/2007 Dekretuan, hezkuntzako eskumen orokor gisa, elkarrekin bizitzen ikastea aipatzen da, besteak beste, eta, berariaz, “harreman positiboak izaten eta, gatazka-egoeretan, elkarrizketara eta negoziaziora jotzen ikastea. Halaber, gogoz eta demokratikoki parte hartzen ikastea, lankidetzan jarduten eta taldean lan egiten ikastea, eta aniztasuna errespetatzea, elkartasun-jarrerak erakutsiz”. Norbera izanda, pertsona gisa garatzen ikastea ere aipatzen du, “eta emozio negatiboak kontrolatzea eta nork bere burua modu positiboan eta errealistan balioestea. Pertsona autonomoa izatea, norberak hartutako erabakien ardura hartzea, eta printzipio etikoei jarraitzea”.
Gainera, oinarrizko eskumenen artean, gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna ezartzen du; izan ere, lehenago aipatu gaitasun orokorrekin zerikusi zuzena du. Eskumen honek ekarriko du norbera zein errealitate sozialetan bizi den ulertzea, bizikidetzari eta gatazkei balio eta praktika demokratikoetan oinarritutako judizio etikoa erabiliz aurre egitea, eta hiritartasuna gauzatzea, irizpide propioekin jardunez eta bakearen eta demokraziaren aldeko eraikuntzan parte hartuz, eta jarrera eraikitzailea, solidarioa eta arduratsua izanez hiritar-eskubide eta -betebeharrak betetzerakoan.
Azkenik, aipatu dekretuak, 3.6 artikuluan, honako hau jasotzen du: “Ikastetxeetako bizikidetza egokia izan dadin, bake positiborako, giza eskubideetarako, justiziarako, elkartasunerako eta inklusiorako heziketa eman behar dute ikastetxeek. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak sustatu egingo du ikastetxeko proiektu osoak egin daitezen, haien xedea bada bake-kultura bat sortzea eta oinarritzat hartzen badituzte errespetuan, elkarrizketan eta emozioen erregulazioan eta kontrolean ardaztutako jardunbideak. Proiektu horiek, halaber, oinarri izan behar dituzte gatazken trataera etikoa eta hezkuntza-komunitateko pertsona guztien eskubideak eta betebeharrak”.
5. Programaren esparru bakoitzean funtsa eratzea
Elkarrekin Bonu Programa hiru esparrutan garatzen eta hedatzen da: Hezkuntza, tokiko bizikidetza eta herritarren partaidetza. Egitura horretarako, hiru funts sortu behar dira erakunde desberdinekin. Funtsa urtero jasoko da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan.
5.1. Hezkuntza formalean eta ez-formalean
Hezkuntza formalaren eta ez-formalaren esparruko Elkarrekin Bonu Programa Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren arteko Lankidetza-akordio baten bidez eratuko da.
5.2. Tokiko bizikidetza
Tokiko bizikidetzaren esparruko Elkarrekin Bonu Programa Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eta programan sartu nahi duten foru-aldundien arteko Lankidetza-hitzarmen baten bidez eratuko da, eta Eudelen laguntzarekin.
5.3. Herritarren partaidetza
Herritarren partaidetzaren esparruko Elkarrekin Bonu Programa, hasiera batean, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak bere gain hartuko du.
6. Elkarteen sarea programan sartzea
Behin Elkarrekin Bonu Programa bere esparru guztietan formalki eratuta dagoenean, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak deialdi publiko bat egingo du, programan parte hartu nahi duten erakundeei zuzendua.
6.1. Programaren hartzaileak
Elkarrekin Bonu Programan parte hartu ahal izango dute, soilik, bakearen eta bizikidetzaren gaiekin lotura duten irabazi asmorik gabeko erakundeek, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteen edo fundazioen erregistroan inskribatuta badaude eta haien jarduera-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoa bada. Hau da, programa egituratuta dagoen gai, esparru eta ekintzen inguruan lanean diharduten euskal elkarteen sareko eragileek parte hartu ahal izango dute.
Erakundeak elkartu ahal izango dira programaren barruan elkarrekin ekintzak egiteko. Bestalde, erakunde horiek beren jardueran laguntza-zerbitzuak emango dizkieten enpresa espezializatuak kontratatu ahal izango dituzte, baina azken horiek inoiz ezingo dute jardueraren titulartasuna hartu.
6.2. Programan sartzeko bidea
Gizarte-erakundeak Elkarrekin Bonu Programan sartuko dira erakunde bakoitzak Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin izenpetuko duen Sartzeko Protokolo bat sinatuta. Protokolo horrek programan parte hartzeko baldintzak zehaztuko ditu.
6.3. Programan parte hartzeko baldintzak
Sartzeko Protokoloan baldintza hauek ezartzen dira, gizarte-erakundeek Elkarrekin Bonu Programan parte hartu ahal izateko:
- Gizalegez Akordioaren parte izateko eta hura bultzatzeko gogoa agertzea.
- Planak jasotzen dituen gai, esparru eta ekintzen baitan, erakundeak zein jarduera-esparrutan parte hartuko duen zehaztea.
- Hautatutako esparruan edo esparruetan, Gizalegez Akordioa libreki eta era sortzailean garatzeko proiektu bat taxutzea.
Sartzeko Protokoloa sinatu aurretik, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak proiektu bakoitza bermatu beharko du, gutxieneko baldintza hauek aintzat hartuz:
- Proiektuaren eta haren ekintzen konpromiso sendoa giza eskubideekin, indarkeria ezarekin eta printzipio demokratikoekin.
- Erakunde bakoitzaren lan-proiektuan Gizalegez Akordioa sartzea edo aipatzea.
- Deialdi publikoetan ohikoak diren baldintzak betetzea, alderdi hauetan: hizkuntzak, genero-trata- mendua eta zergaeta lege-betebeharrak.
7. Programa abiarazteko prozedura
Protokoloa sinatzean, erakunde sinatzaile bakoitza Elkarrekin Bonu Programan sartzen da. Hortik aurrera, programa abiarazteko prozedura honela antolaturik dago.
7.1. Jarduera bakoitzerako proposamena zehaztea
Erakunde bakoitzak lan-proposamen bat zehaztu behar du egitea erabakitzen duen jarduera bakoitzerako. Horretarako, urrats hauek egin behar dira:
1. Hezkuntza-zerbitzuaren hartzaile batekin lan-proposamen bat hitzartua izatea. Esparruaren arabera, hartzaileak hauek izan daitezke:
-Hezkuntza formalean: ikastetxeak, guraso-elkarteak edo hezkuntza-arloarekin zuzenean lotutako bestelako erakundeak.
-Hezkuntza ez-formalean: Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, eta hezkuntza ez-formalarekin edo etengabeko prestakuntzarekin lotutako bestelako entitate edo erakundeak.
-Tokiko bizikidetzan: udalak eta udal-eremuarekin zuzenean lotutako bestelako erakunde edo entitateak.
-Herritarren partaidetzan: Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia eta herritarren partaidetza sustatzen ari diren bestelako erakundeak.
2. Proposamen Fitxa betetzea, datu hauekin:
-Lan-proposamenaren esparrua, gaia, ekintza eta helburuak.
-Lan-proposamena garatzeko hitzartutako bezeroa. Harremanetarako pertsona, telefonoa eta posta elektronikoaren helbidea jarri behar dira.
-Egin beharreko jardueraren deskribapen laburra.
-Jardun horretan erabiliko den ordu-kopurua.
-Aurrekontua, hartzaileak eskaintzen zaion zerbitzuagatik ordainduko duen kopurua zehaztuz.
-Jarduteko egutegia.
-Jardueraren garapenean esku hartzea nahi den pertsona-kopurua.
7.2. Programa abian jartzea
1. Proposamen Fitxa aurkeztea Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, jarduera garatu baino gutxienez 15 egun lehenago. Zazpi egunen buruan erakundeak Idazkaritzaren jakinarazpenik jasotzen ez badu, proposamena onartutzat joko da.
2. Aurreikusitako jarduera garatzea. Komunikazio-euskarriek ikusteko moduan eraman beharko dituzte Eusko Jaurlaritzaren eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren logotipoak.
3. Garatutako jardueraren Balantze Fitxa erregistratzea Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, datu hauekin:
-Egindako jardueraren idatzizko memoria laburra.
-Egindako jardueraren argazki-memoria.
-Erabilitako orduen eta parte-hartzaileen kopurua.
-Jasotako hezkuntza-zerbitzua egiaztatzen duen hartzailearen ziurtagiria.
4. Behin memoria baliozkotu ondoren, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak dagozkion bonuak ordainduko ditu.
5. Jarduera amaitu ondoren, hezkuntza-zerbitzuaren hartzaileak esperientziaren ebaluazioa helaraziko du Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusira.
8. Elkarrekin Programan parte hartzeko mugak
Elkarrekin Bonu Programa orain arte azaldutako baldintzen pean garatuko da. Horrez gain, hezkuntza-arloan muga hauek aintzat hartuko dira:
1. Erakunde berak ezingo du bonutan metatu, proposatutako esparru guztiak kontuan hartuz, deialdian ezarritako muga gisa ezarritako guztizkoa baino kopuru handiagoa.
2. Hezkuntza-arloan eta hartzaile berarentzako jardueretan, ezingo da bonutan gainditu deialdian ezarriko den muga.
3. Deialdian zehaztuko da hezkuntza-zerbitzuaren hartzaileek zer kopuru gehitu beharko dioten Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen bonuari.
4. Prestakuntza-jardueretan, ez dira onartuko gutxienez 15 pertsonak parte hartzen ez duten lan-proposamenak.
5. Elkarrekin Bonu Programa lankidetza publiko-sozialeko proiektu berritzailea da. 2014. urteari begira, esperientzia pilotu gisa planteatu da. 2014ko amaieran, proiektuaren garapenaren ebaluazioa egingo da, eta, haren arabera, hurrengo ekitaldietarako egokitu eta hobetu egingo da.